Orreaga

Zuhaitzetan den ederrena da oihan beltzian pagoa…
Orreagako mendi gainetan badabil euskal-gogoa:
Galernen eta gerlen artetik mendetan barna xut doa,
pagadoietan ixilik kontuz Europakoen geroa.

Zenbat gerlari, sarraskiz gose, odolez eta suz hordi,
Europatarrak zanpatu nahiz iragan denik horgaindik!
Ibañetako mendi lepoa heietaz mintza baladi,
aipa letzazke lehen-lehenik Arrolan eta Karlandi.

Buru-gabetu, bihotzez hustu jendalde lehertuekin,
mundu guztia nahiko zuten, beren azpiko bategin.
Euskal jendeak, denen gatik xut, gogor jeikitzen du jakin
mendi gain hautan, burua gora, gizonak gizon dagotzin.

Indarkeriak ezarri mugak kraskatzen hasi orduko,
Euskal gogoa noiz da jauziren arranoaren pareko?
Azpilkueta bezein kartsuko eta jakintza gaitzeko
gizon libroak noiz ote dire Orreagatik jaliko?

Zoin den pizgarri mendietarik jauzika doan xirripa…
Euskal-semeak, Aiten gogoa bihotz guziaz hurrupa!
Altxa burua, denek bat kanta:Euskal Gudua gaur aipa:
Entzunik zuen irrintzina, xutik jar dadin Europa!

Iratzeder / Lertxundi