Boneta eta txapela

Iragan egün batez egin dügü irri;
Hortaz nahi deiziet eman zerbait berri:
Parisetik jin zaikü Mixel Aliot Mari,
Urthe bakhotx fortüna eginik üdüri.

-Agur, eta zertan hiz, Petiri gaizua?
Ene haur-denborako Khantüko aizua!
Iragan dük ordünko denbora gozua,
Eta hi aberastü, ezpehiz zozua!

-Parisetik horra nük zien ikhustera,
Han untsa bizi gütük, adixkide Pierra
Hiaurrek ikhusten dük egin diat afera,
Txapela ezarri diat bürütik behera.

-Txapela badük bena arhin barnekua:
Nun ützi dük boneta Uxkal-Herrikua?
Txapel horrek eztereik edertzen kaskua:
Basta ederra gatik, asto dük astua.

-Eztiak ez axolik laiduen batere!
Han ezagützen diat hanixko andere!
Itxürari so-ginez aberats bai ere
Ezkuntüren ahal nük, ez erran deüs ere.

-Arren, badük ideia hola ezkuntzeko?
Lagün franko badukek hortan segitzeko,
Ofizio bat balitz parisen hartzeko
Aberats izan gabe, auher bizitzeko!

-Ez nük ez hi bezala lanian akhitzen;
Lan anplexagorik dük hirian agitzen.
Ene alde hasi nük Parisen bizitzen:
Arrüaren xokuan oskien argitzen?

-Ofizio ederra oski-argizale:
Har ezak emaztia ziraje-saltzale.
Haurrak jinen zaitzaie gose-bazkazale:
Utzinen dük Parise ahal bezaiñ zalhe.

Ni ja nahi nük egon buneta kaskuan,
Ene sor-lekhü maite Uxkal-Herrikuan.
Ihurk e jakin-gabe zer düdan goguan,

Kobla zunbaiten huntzen süthondo-xokuan.